Itxi

Athletic Club

Zigorra

Espainiako Federazioaren Diziplina Batzordeak agindu du partzialki ixtea Atletico Madrilen zelaia, bi partidaz

EITB MEDIA

Nico Williamsek Atletico Madril-Athletic partidan jasotako irainengatik erabaki du hori, eta, gainera, 20.000 euroko zigorra ezarri dio Atletico Madrili. Halaber, Ligak salatu du neurketa horretan Nico Williamsi zuzendutako "tximino soinua" izan zela.

  • Nico Williams, De Paulekin eta Kokerekin, irainak jaso berritan. Argazkia: EFE.

    Nico Williams, De Paulekin eta Kokerekin, irainak jaso berritan. Argazkia: EFE.

Espainiako Futbol Federazioaren Diziplina Batzordeak partzialki itxi du Atletico Madrilen Civitas Metropolitano futbol zelaia, bi partidarako, Nico Williams Athleticeko jokalariak larunbat gauean Atletico Madril-Athletic neurketan zehar jasandako irainengatik. Norgehiagoka horretan, Espainiako Federazioaren iritziz, "futbolean jazotako gertakari eta jarrera bortitzak, arrazistak, xenofoboak eta intoleranteak" izan ziren, eta, halaber, 20.000 euroko zigorra ezarri dio Atletico Madrili. Horrez gain, Ligak salatu du Nico Williamsi zuzendutako "tximino soinua" izan zela, aipatutako partidan.

Testuinguru horretan, Diziplina Batzordeak "arau hauste oso larritzat" jo du gertaturikoa, Espainiako Federazioaren Kode Diziplinarioa kontuan izanik. Hala, ebazpenean, agindu du Atletico Madrilek ostiraleko, maiatzaren 3ko, 12:00etara arteko epea duela identifikatzeko zelaiaren harmailetako egitura, zehazteko zein gune itxiko den; epailearen akta aztertuta, Civitas Metropolitanoko hego harmailari eragingo dio itxierak.

"Horrenbestez, Atletico Madrilek bere kirol instalazioetan jokatuko dituen hurrengo bi partidetan, zaleak ezingo dira gune horretan sartu; harmaila horretan egoten diren zaleak ezin izango dituzte beste toki batean jarri", gehitu du. Halaber, zigorra indarrean dagoen bi partidetan, "itxita izango den gunean mezu bat agertu beharko da, gertakari eta jarrera bortitzen, arrazisten, xenofoboen eta intoleranteen aurkakoa eta joko garbiaren aldekoa".

Partidako aktan agertzen denez, "gutxi gorabehera 36. minutuan, Athleticen aldeko korner batean, hego harmailatik entzun zen soinu bat tximinoaren soinuaren antzekoa, 'uh, uh', eta epaile laguntzaileak eta Nico Williams jokalariak entzun zuten hori. Une horretan bertan, arrazismoaren aurkako protokoloa aktibatu zen; Atletico Madrileko ordezkariari esan zitzaion megafoniaz ohartarazi behar zutela jarrera hori eten egin behar zela, eta bestela partidak ez zuela jarraituko. Berriro gertatuz gero, beste behin geldituko ginen, baina, kasu horretan, denok aldagelara sartuko ginen. Minutu baten buruan, ohartarazpena megafoniaz entzun zen, eta norgehiagokak aurrera jarraitu zuen", gehitu du ebazpenak.

Nabarmentzeko modukoa da nola 2023-24 denboraldian bertan, Getafe-Sevilla partidan izandako irainengatik, Madrilgo klubari zigor hau bera ezarri zioten, alegia, futbol zelaia partzialki ixtea; Getafek, baina, helegitea jarri zuen, eta zigorra bertan behera gelditu zen. Atletico Madrilek, ildo horretan, iragarri du helegitea jarriko duela. Zigorra gauzatuko balitz, 37. jardunaldiko Atletico Madril-Osasuna partidari eragingo lioke.

Ligaren salaketa

Gainera, Ligak, EA Sports Ligako 33. jardunaldian izandako zaleen gertakarien bere salaketan, txertatu du Atletico Madril-Athletic entzun zitzaiola zale bati, animazio harmailan, tximinoaren soinua imitatzen ari zena, Nico Williamsi zuzenduta. Testuan ageri denez, Athleticeko jokalariak eta epaile laguntzaileak epaile nagusiari adierazi zioten jazotakoa, eta azken hori zelaiko ordezkariari zuzendu zitzaion, xede izanik eskatzea arrazismoaren aurkako protokoloa abiaraztea eta estadioko megafoniaren bidez adieraztea horrelako jarrerak eten egin behar zirela.

Ligak esan duenez, mezua zabalduta, jokoa berriro hasi zen, eta ez zen horrelako beste jarrerarik izan. Epaileak aktan jaso zuen gertaturikoa.