Itxi

Reala

35. jardunaldia

Realak 2-0 galdu du Bartzelonaren kontra eta Europa Leagueko postuetatik at jarraitzen du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Donostiako taldeak indartsu ekin zion partidari, baina Lamine Yamalek eta Raphinak sartutako golek garaipena eman zioten Bartzelonari, eta sailkapeneko bigarren postua errekuperatu du.

  • Odriozola (Reala) eta Christensen (Bartzelona), baloi bat jokoan dutela

    Odriozola (Reala) eta Christensen (Bartzelona), baloi bat jokoan dutela. EFE

Realak 2-0 galdu zuen astelehenean Bartzelonaren aurka, LaLiga EA Sportseko 35. jardunaldiko azken neurketan. Hori dela eta, talde donostiarrak Europa League txapelketarako sailkapen postuetatik kanpo jarraitzen du; Xavi Hernandezek taldeak, berriz, bigarren postua berreskuratu du.

Atsedenaldia baino lehen Lamine Yamalek sartutako golari esker hartu zuen aurrea Bartzelonak, eta neurketaren amaieran berretsi zuen garaipena, Raphinak penaltiz egindako golarekin. Horrenbestez, 76 puntu lortuta, Girona baino bat gehiago, bigarren postua errekuperatu du. Jokalari txuri-urdinek oso indartsu ekin zioten norgehiagokari, baina emaitza horrekin, oraingoz zazpigarren dago, 54 punturekin.

Montjuïceko partidan, defentsa gorri-urdina ezustean harrapatzeko lanean aritu zen Reala hasieratik, Sheraldo Beckerren abiadura aprobetxatzeko asmoz. Izan ere, Becker izan zen Imanol Alguacilen taldeko gizonik azkarrena lehen 45 minutuetan.

Realeko aurrelariak bigarren minutuan izan zuen lehen aukera, Bartzelonaren atearen goiko aldetik kanpora joan zen jaurtiketa batekin. Handik ordu laurdenera, epaileak jokaldi on bat baliogabetu zion, Ter Stegen atezainaren aurrean bakarrik egonik, jokoz kanpo egoteagatik.

Ondoren, 19. minutuan, Becker gola sartzeko zorian izan zen, jaurtiketa gurutzatu batekin. Horrez gain, 22. minutuan sartutako gol bikaina baliorik gabe utzi zion epaileak, aurreratuta baitzegoen.

Xavi Hernandezek hamaikakoak zenbait aukera izan zituen, baina arriskurik gabe. Lehen zatia bukatzeko 5 minutu geratzen zirenean, Lewandoskik hasitako kontraerasoan, Gündogani pasea egin eta Lamine Yamalek bigarren zutoinera egindako jaurtiketa zehatzaren ostean etorri zen Bartzelonaren lehen gola (1-0). Becker saiatu zen beste behin ere minutu batzuk geroago, baina gehiegi gurutzatu zuen baloia.

81. minutuan, Arsen Zakharyan errusiarrak botatako falta segurtasunez geratu zuen Ter Stegenek. Lamine Yamal, bestetik, bigarren gola egiten ahalegindu zen arren, defentsa donostiarrak ondo eutsi zion. Arauzko denboraz kanpo, Odriozolak baloia eskuz ukitzeagatik eragindako penaltia sartu zuen, neurketa etxekoen aldeko emaitzarekin amaitzeko.

FITXA TEKNIKOA

-Taldeak:

2-Bartzelona: Ter Stegen; Kounde, Iñigo Martinez, Cubarsi, Cancelo; Gündogan (Oriol Romeu, 95. min), Christensen (Sergi Roberto, 70. min), Pedri (Fermin, 70. min); Raphinha, Lewandowski (Ferran Torres, 76. min) eta Lamine Yamal.

0-Reala: Remiro; Traore (Odriozola, 79. min), Aritz, Le Normand, Pacheco (Tierney, 70. min); Aramburu (Barrenetxea, 70. min), Brais Mendez (Zakharyan, 79. min), Turrientes, Mikel Merino; Becker (Kubo, 70. min) eta Oyarzabal.

-Golak:

1-0, 40. min: Lamine Yamal.

2-0, 93. min: Raphinha, de penalti.

-Epailea: Cuadra Fernandez (C.Balear). Gündogani txartel horia atera zion (51. min) eta Raphinhari (94. min) Bartzelonan eta Arambururi (57. min), Pachecori (64. min) eta Oyarzabali (92. min) Realean.

-Zelaia: Lluis Companys. 35.929 ikusle.