Politika -

Gipuzkoa

Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak bat egin dute Aralarren kudeaketa eta kontserbazioa sustatzeko

Akordioak larreak, basoak, habitatak eta sentsibilizazio-ekimenak hobetzeko ekintzak jasotzen ditu, baita 300.000 euro inguruko inbertsio bateratua ere. Gainera, esparru bat ezartzen du alderdi estrategikoak negoziatzeko, hala nola xehaketa eremua, bideak eta finantzaketa-eredua.

Aralar mendilerroaren inguruko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA
Aralar mendilerroaren inguruko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA
Aralar mendilerroaren inguruko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak akordioa sinatu dute astelehen honetan Aralar mendilerroaren kontserbazioa eta kudeaketa hobetzeko. Akordio horrekin, bi aldeek harremana sendotu nahi dute legegintzaldi osoari begira.

Akordioak larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzeko jarduerak, sentsibilizazio-ekintzak, txabolak lehengoratzea eta eraikitzea, pistak konpontzea eta inguruko beste azpiegitura batzuk hobetzea biltzen ditu. Horretarako, inbertsio bateratua 300.000 euro ingurukoa izango da; 211.000 Aldundiaren eta 85.000 Mankomunitatearen kontura.

Akordio honek bi erakundeen arteko konpromiso berritu bat islatzen du, 2024-2027 legegintzaldian batera lan egiteko, eskualdean etengabeko hobekuntzak bermatzeko helburuarekin. Ildo horretan, dokumentuak hiru hilabete iraungo duen negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. Bilera horiek, gutxienez, bi aldeentzat estrategikoak diren hiru alderditan oinarrituko dira: xehaketa eremuak, bideak eta finantzaketa-eredua.

Akordio hori bi erakundeetako ordezkariek legegintzaldi berrian hasitako lan-dinamikaren emaitza da. Horrela, 2019tik blokeatuta zeramatzaten harremanei berriro heltzea bilatzen dute, hurrengo hiru urteetan bi aldeek eskualdean egin beharreko hobekuntzak bermatu eta finkatuko dituzten itun irmoak lortzeko helburuarekin. Ildo horretan, bi erakundeak pozik agertu dira hilabete hauetan eman diren aurrerapenekin eta elkarrizketarako agertutako jarrerarekin.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeako diputatuak adierazi duenez, "gure gizarteari eta bereziki gure Aralarko abeltzainei zor diogu elkarren arteko adostasun batera iristea". Bere aldetik, Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, "sinatutako aurre akordio honek bi erakunderen arteko elkarlanaren arteko bidean urrats berri bat ematea dakar, eta norabide horretan aurrera jarraitzeko hauspoa".

Akordio hau Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritzara eramango da eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Goilarre programaren dinamikarekin jarraituz, abeltzainekin partekatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Aralar mendilerroa